2009/09/12

Torrecerredo, iparraldeko zerua

Jaixak amaitxu ostian, pretenporada moduko bat hasi naban, poliki-poliki forma fisikua hobetzeko eta urte amaierarako prest egoteko. Hasieran, bi lagunon plana zana, azkenian familixako plana bihurtu zan ixa-ixa. Kuadrilako bat eta ni Piriniuetara juteko ideiakin geunden, lehengusuak deitxu zian arte. Orduan, Piriniuak alde batera utzi eta Europako Tontorretara jutekotan gelditxu ginan. Gia on baten beharra ikusitxa, aitxa ere apuntau jakun. Zelako kuadrilia!

Poncebosen, aurretik disfrutatzeko bi egun
Barixakuan goiz atera ginan, bilbotar guztiak lo egongo zialakuan...baina bai zera! Han beti dao trafikua! Orduak juan hala, nagiak kendu genitxun eta konturatu orduko Arenas de Cabralesen geunden. Hemendik Puente Poncebosera igo eta gure ibilbidiari hasieria emateko prest geunden.

Puente Poncebos itsas-mailatik 240 metrotara dago, eta hortik Europako Tontorren gailur altuenera 2.400 metroko desnibela dago. Bai bai 2.400m! Mendixa Torrecerredo deitzen da, eta oingo hontan hau zan gure helburua, bi etapatan baina. Esan beharra dago, batzuek egunean bertan egiten dutela. Hoiek bai hoiek astapotruak!

Eguerdi aldera, eguraldia lagun zelarik tenperatura epelekin, abiatu ginen Bulnes herrira bidean. Funikularrari boikota egiteko modurik onena oinez igotzia da, eta hala jun ginan altuera irabazten.

Bulnesera bidian
Bulnes herri txiki bat da, bertako herritarren garraio bakarra orain gutxi ezarritako funikular bat besterik ez dena. Bulnesetik, Amuesako kanalean barrena igo ginen eta desnibela handiagoa zela igerri genuen.

Amuesako kanalaren goiko aldea
Behelainoa gero eta itxiagoa zen, eta gure bistak 30 metrora mugatzen ziren. Erritmo onean igotzen jarraitu ostean, 4 orduren buruan Cabroneseko aterpetxera iritsi ginen. Hau bai aterpetxia, autentikua benetan! Ezin da alderatu gaur egun Piriniuetan ezagunak diren aterpetxiekin, gutxi gelditzen baitira honen antzerakoak.

Cabrones aterpetxea, tipikoetan tipikoena
Afariaren zain geundela, gosez amorratuz, jakin genuen inguru hauetan xirimiriari orbayu deitzen zaiola. Orbayu bai, Pou anaiek Urriellon zabaldu duten bidearen izen berbera.

Aterpetxe gehienetan bezala, afaria Arzakekoa baino hobeagoa izan zen eta lo hartu beharrean geundenez nekeak jota oheratu ginen.


Hurrengo goizean, larunbata, ondo ondo gosaldu eta eguzki printzei zain gelditu ginen argazki-rally antzerako bat eginez. Hoiek bai parajeak, Cabrones mendia parean eta lasaitasunerako ingurune osoa guretzako. Sarrio dexente ere ikusi genituen, oso gertu gainera.

Cabrones mendia atzean, goizeko lehen orduetan
Poliki-poliki, gorantz ekin genion, atzo egindako 1.800 metroko desnibela atzean utzita, gaur soilik 600 metro gelditzen baitziren tontorrera arte. Europako Tontorretan harri gehiago ageri da Pirinioetan baino, hala ere, aurrera erraztasunez egiten da.

Torrecerredo iparraldetik ikusita
Azkenengo 300 metroetan sartuak geunden atera ginenetik ordua pasa zenerako, baina mendiak daukan zatirik zailena orduan hasten da. Trepada bat da, inongo problemarik gabe egin daitekeena. Eskuekin ondo heldu eta hankak ondo finkatu, horrela behin eta berriz. Azkenean zerua bakarrik ikusten zen gora begiratuz gero, tontorrean geunden.

Azkenengo metroak, eskuak erabili eta aurrera
Gailurretik 20 metrora, aristan

Eguraldi paregabeari eskerrak eman eta aurrez-aurre geneuzkagun bistetaz gozatu genuen. Europako tontor ia gehienak ikusten dira bertatik, baita itsasoa ere.


Gailurrian, mendebaldeko mazizuakin atzian
Llambrion mendiaren ingurua, Europako Tontorretako 2. altuena

Peña Santa, mendi ikusgarria

Zerbait jan eta edan ostean, jaitsierari ekin genion. Honelako inguruetan harri erorketek arrisku handia eragin dezakete eta hortaz, kontzentratu eta kontu handiarekin egin genuen behera.

Antton ta ni destrepatzen, kaskua ez dao soberan
Torrecerredora igotzeko bide normala Cabroneseko aterpetxetik

Kotxerako jaitsiera bidea ezberdina zenez, Urrielloko aterpetxetik igarotzeko asmoarekin, bidean Torre de la Pardida izeneko mendia egin genuen. Mendi honek ez dauka inolako zailtasunik eta jende asko ibiltzen da inguruetan. Puntan gaudela ohartu gara oraindik 2.300 metroko desnibel negatiboa daukagula aurretik, eta hortaz, martxan jarri gara Urrielloko aterpetxera bidean.

Torre de la Pardidan puntan, atzian Torrecerredo
Torre de la Pardidara igotzeko bide normala; eskuman, guk ein genduan bariantia

Naranjon mendebaldeko aurpegixakin

Aterpetxe hau, Europako Tontorretako handiena da, eta bidea oso ondo markatua dago bertara igotzeko, jende asko ibiltzen baita. Bertan, kantinplorak bete eta mokadu bat jaten gauden bitartean ohartu gara Pou anaien petate eta sokak aterpetxearen atean daudela, asto bat ondoan dutelarik. Esan digutenez atzo joan ziren eta material guztia eraman ezin izan zutenez eraman, gaur astoaren laguntzaz jaitsi behar zuten.

Pou anaien materiala, astoak jaisteko zain

Urriello mendiari begira begira egon ostian (jendia baitzegoen mendebaldeko aurpegixan eskalatzen) eta lepoko mina agertu aurretik, behera ekin genuen, Pandebanoko lepora bidean. Geldialdirik egin gabe Bulneseraino jaitsi ginen. Bulnesen, ibilbide zirkularrari amaiera eman genion eta ospatzeko sagardoa eta jateko zerbait hartu genuen. Hemendik kotxerako bidea oso lasaia da eta orduerdian behean ginen. Elgoibarrera abiatu aurretik ordea, betiko errituala, bainutxoa Careseko ur hotzetan.


Urriello mendiaren mendebaldeko aurpegia aterpetxetik

Irribarrea ahoan genuela abiatu ginen etxera bidean, probetxuzko astebukaera izan baitzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario