2010/04/16

Islandia eta Jökulhaup hondamendiak

Bueno, gaurkuan nere geografia ikasketak praktikan jartziaz gain, oin modan daon gai batekin natorkizue.


Islandia, atlantiar-erdialdeko dortsal ozeanikoaren erdian kokatzen den irla da, eta kokapenak garrantzia handia dauka irlaren jatorrian eta bere garapenean. Dortsal honek, plaka litosferiko Iparamerikarra eta Eurasiarra banatzen ditu, urteko 2 zentimetroko urrunketa ematen delarik. Hau, duela 25 milioi urte hasi zen gertatzen, baina Islandiako materialak berriagoak dira, ez baitituzte 16 milioi urte baino gehiago.

Kokapen geografiko-geologikoa

Historia geologiko labur hau (kontuan eduki gure planeta orain del 4.500 milioi urte sortu zela), betidanik lotua egon da aktibitate bolkanikoarekin eta prozesu glaziarrekin, irlaren ezaugarri klimatiko, geografiko eta ingurumen ezaugarriak direla eta.

Horrela ba, Islandiako historia geologikoa irlak jasandako aldi glaziar eta interglaziarretan dago banatua. Lehenak, aldi glaziarrak, Plio-Pleistozenoan (duela 3,3 - 0,7 milioi urte) Lurreko eremu handiak okupatu eta Londres parera iristeaz gain, Islandia gehiena mantu glaziar batean estali zuen (2 km-ko lodiera eduki zezakeela eman dute aditzera ikerlariek). Garai honetan, sumendien erupzio mordoa eman ziren, eta meseta moduko eraketak sortu ziren dortsalaren gaineko eremuetan.

Sumendien eta glaziar masen kokapena

Gaur egun gertatzen den bezala, aldi interglaziarrean (duela 16-3,3 milioi urte eta 0,7 milioi urtetik hona), irla glaziar metaketa handien azpian zegoenez eta erupzio bolkaniko mordoa eman zirenez eta ari direnez, uholde-glaziarren eraketa eragin zuten (eta azken egun hauetan eratzen ari dira).

2010. urtean 6 masa glaziar handi bereiz daitezke: Vatnajökull (8.300
km2 eta Europako glaziar handiena), Langjökull (953 km2), Hofsjökull (925 km2), Myrdalsjökull (596 km2), Drangajökull (160 km2), Eyjafjallajökull (78 km2) eta beste asko tamaina txikiagokoak. Glaziarrek, irlaren %11 estaltzen dute eta hoietatik %60 aldizka aktibitatea erakusten duten pitzadura bolkanikoen eta termikoki aktiboenak diren zonaldeen gainean aurkitzen dira.

Puntu gorriz dortsalaren jarraipena, eta bertako pluma mantelikoak. Zenbakiekin masa glaziar ezberdinak:
1: Vatnajökull 2: Langjökull 3: Hofsjökull 4: Myrdalsjökull
5:
Drangajökull 6: Eyjafjallajökull


Glaziar hauetako izotzaren eta sumendien arteko elkarrekintza da fenomeno ezberdinen sorreraren erantzulea, eta horien artean garrantzitsuenak Jökulhaup-ak dira. Fenomeno hauek, maiztasun handiarekin gertatzen dira Islandian eta erabat suntsitzaileak dira, galera ekonomiko eta baita gizakienak ere eragiten baitituzte.

Jökulhaup hitza islandieratik dator eta
uholde (haup) glaziarra (jökull) esan nahi du. Hots, Islandiako sumendi gehienak glaziarren azpian daudenez, galdara bolkanikoak eratzen dituzte eta erupzioak izaten dituztenean glaziarreko izotza urtu eta laku subglaziarrak (glaziarraren azpian daudenak) eratzen dituzte. Denbora luzez ematen bada, lakuetako urak inguruko erliebea igaro eta glaziarraren azpitik uholdeak sortzen ditu, azpian dagoen dena (sedimentuak, harrikoxkorrak, hareak...) eramanaz. Behin glaziarraren muturra igarotzean, uholdea zabaldu egiten da kono moduko egiturak eratuz eta aurrean hartzen duen dena hondatuz (etxeak, zubiak, errepideak...).

Fenomeno hauen iragarpena eta prebentzioa ezinbestekoa dela argi dagoen arren, ez da erraza izaten zenbaki eta data konkretuak edukitzea. Munduko glaziar bakoitzak bere dinamika propioa daukanez eta kasu bakoitzean gauzak ezberdinak ikus daitezkeenez, garrantzia handikoa da fenomeno hauek ikertzea.



AZKEN EGUNOTAKO GERTAERAK

Hegaldien alarmak, aireportuen ixteak, jendearen harridura... Horrela dago Europa bai, harrituta.

Azken egun hauetan gertatzen ari dena, orain arte esaten nabilenarekin bat dator. Kasu honetan ordea, sumendiaren erupzioak glaziarreko izotza erabat urtu eta zeruan gora ateratzen dira sumendiko material bolkanikoak altuera handietara iritsiz. Kraterretik ateratzen diren partikula eta material guztiek hodei modukoa sortzen dute zeruan (kolore marroixka duena) eta aire-masen eskuetan gelditzen da. Europara bidean jarri denez, eta horrek izan ditzazkeen arriskuak kontuan hartuz, larrialdi egoera deitu dute herrialde askotako aireportuetan, eta garraio aereoa ia paralizatua gelditu da. Honetaz gain, uholde glaziar ezberdinak eragiten ari da eta irla hegoaldeko zenbait zubi eta errepide suntsitu ditu iada.

Gertaeraren tokia, Islandiako hegoaldeko 6. masa glaziar handienean dagoen sumendian kokatzen da. Eyjafjalla sumendia, izen bereko glaziarrean kokatzen da eta 1.666 metroko garaiera dauka. Ia 200 urteko loaldian egon ostean, bapatean esnatu, eta bere indar guztiarekin barneko magma, estratu eta kea kanporatzen ari da.

Eyjafjalla sumendiaren kokapen geografikoa

Hurrengo link hau atxikitzen dizuet, bertan oso ondo ikus daitekeelako nola eman den hodei bolkanikoaren zabaltzea Europan zehar, eguneko ordu ezberdinetako epeetan. Apirilak 14tik 19ra bitarteko tartea azaltzen da (3 orduro ateratako argazkiekin), non hodeiaren nondik norakoak primeran ikusten diren. Egin klik merezi du eta!

http://www2.dmu.dk/atmosphericenvironment/Vulkansky/dreameu_ani.gif



Badakit askontzako "faena" bat izan dala, baina fenomeno natural baten aurrian zer eginik ez dagoenez, hobe gertatzen ari denarekin disfrutatzea. Argazki hauek, mila hitzek baino hobeto deskribitzen baitute gertatzen ari dena.


2010eko apirilak 14. Ke hodeiak zeruan zehar, sumendiaren erupzioaren kausa.


2010eko apirilak 14. Uholdearen arrastoak mihi glaziarrean.


2010eko apirialk 14. Izotz urtua glaziarreko mihitik itsasoratzen, material eta
sedimentuez blai.



2010eko apirilak 14. Uholde glaziarra errepidetik gertu. Islandiarrek errepideak urtero
berritu behar izaten dituzte honako arrisku zonaldeetan.



2010eko apirilak 14. Uholde glaziarra glaziarretik behera. Kono forma hartzen du
itsasorantz jaitsi hala.



2010eko apirilak 14. Izotz urtuak eta glaziarreko materialek aurretik eramandako
errepide zatiari begira dago argazkiko pertsona.



2010eko apirilak 14. Eyjafjalla sumendiaren kea zeruan gora.


2010eko martxoak 24. Satelite irudia, bertan fisura bateko luma mantelikoaren
agerpena ikus daiteke, laba irtetzen dagoelarik.


2010eko martxoak 27. Laba erupzioak iluntzeko azken orduetan.


2010eko apirilak 14. Turistak laba erupzioak ikusten glaziarrean. Ordu batzuk
beranduago 800 pertsona ebakuatu behar izan ziren inguru hoietatik.



2010eko martxoak 27. Turistak laba isurketa bat ikusten erupzioa gertatutako
zonaldetik hurbil.



2010eko martxoak 28. Laba solidotze prozesuan galdara batean.


2010eko martxoak 21. Laba fisura manteliko batetatik ateratzen eta glaziarrean
zehar zabaltzen.



2010eko martxoak 27. Laba ateratzea eta beronek igorritako kea iluntzean.


2010eko apirilak 15. Sumendiaren kea hodeien gainetik agertzen da, behean
glaziarraren eremu terminalak agertzen dira.



2010eko martxoak 21. Laba isurketak kraterretik at. Ongi bereiz daiteke inguruko
izotz guztia urtua izan dela sumendiaren berotasuna eta isurketengatik.



2010eko apirilak 3. Laba ateratzeak eta grietak Eyjafjalla sumendian. Alboan
glaziarra ikus daiteke, baina sumendiaren berotasunagatik bertako izotz eta
elurrak urtuak izan dira. Eremutik urrundu hala, izotz geruza potoloagoa eta
konpaktoagoa da.



2010eko apirilak 15, osteguna (11:39 GMT). NASAko satelite-irudi honetan, argi
bereiz daiteke errautsez eta material piroklastikoez (sumendietatik ateratakoak)
osatutako hodeia Europara bidean, Ipar Itsasoa zeharkatzen.


2010/03/29

La valle blanche, magikoa benetan!

Aste batzuk igaro dira Alpeetatik bueltatu nintzenetik, baina oraindik buruan bueltaka irudi eta bizipen bereziak dauzkat. Gaurkuan, neri ederrena iruditxu jatana kontauko dizuet. Esan biarra dao argazkixek hemen idatzitxako danak baino hobeto deskribitzen dabela kontautakua.

Alpietara jutian ideia, batez ere, Pierra Menta lasterketa famatua ikustera juteko asmoz atera zan, baina bueno lasterketa honen inguruko dana jakin nahi izanez gero, Arkaitz Iruretak oso ondo idazten dau bere blogian.Holaxe ba, hiru lagun abiatu ginan furgonetan Chamonixera bidian. Asmua: ondo pasatzia eta gustatzen jakuna itxen ondo pasatzia.

Chamonixera 22:30ak aldian iritsi ginan, bidian aukitxako "azken glaziaziua" kontuan aukitxa normala! Baina bueno, animuak topera geneuzkan eta hurrengo egunerako prebisiuak ezin hobiak zian (eguzkixa eta lainorik ez, baina sekulako hotza [-32º 4.000 metruetan]).


"Azken glaziaziua" Toulouse-Narbona bitxartian

Egunak argitzian, goizian goiz, ondo gosaldu eta gauzak prestatu ostian Aiguille du Midiko teleferikorantz abiatu ginan. Hasiera batian gora igo eta ze panorama zeon ikustekotan abiatu ginan. Seguraski, gaztetasunak alde batetik, eta esperientzia faltak bestetik, gure nahiak aurrera eramateko bidea erakutsi ziguten: txuriz jantzitako alfonbra inguruko mendietan behera.

Erlantz, Aitor eta ni teleferikoan gora

Aiguille du Midi-k dauzkan 3.842 metroetara iristean gertatu zenak bere kontaketa propioa daukanez, eta ez luzatzeko, Joanesen bankuan eseri eta nahi duenari kontatzeko prest nago.
Kontua da gora iristian tenperaturak -30 ºC markatzen zitxuala, baina hori ez zan dana. Prebisioak kontau ez zigun haize indartsua zebilen Italia aldetik sartzen zena. Sentsazio termikoa beldurgarria zen, -50 ºC!!!

Hotza handixa zan arren, bistak ikusgarrixak zian. Mont Blanc-a beti bezain txuri
Hemendik aurrera, orain arte egin dudan jaitsierarik ederrenetariko baten kontaketa luzatu nahi dizuet. Ea ez naizen asko enredatzen eta argazki bidez ikusgarriagoa egiten dudan. Alpeetan dagoen jaitsiera ederrenetarikoa baina aldi berean, erraza dena da hau. Ez pentsa bideotan agertzen diren jaitsiera extremo eta frikietako bat denik, alderantziz, Ernioko erromerian baino jende gehiago ikus daiteke egunero.

Jaitsierako zatirik "tekniko" eta arreta gehien eskatzen duena hasieran dago. Teleferikoaren eraikuntzatik atera eta eskiak jarri arte dagoen zonaldera iritsi aurretik arista moduko bat jaitsi behar baita. Arista hau, oso ondo ekipatua dago eta kranpoiak jantziak dauzkagula oinez lasai lasai egiteko ez dago inongo problemarik. Aereoa izan arren, udan baino seguroagoa da, elur-metaketa potoloagoa eta konpaktatuagoa baita.


Beharrezkotzat joko nituzke kranpoiak, pioleta, arnesa, soka, kaskoa...

Hiruok jaitsierari ekiteko prest, atzean Aiguille Verte, Droites eta Grandes Jorasses

Behin eskiak jarrita, pista urdin baten neurriko jaitsiera dela esango nuke, baina kontuan izan behar da 26 km luze direla eta beste hainbat faktorek eragiten dutela. Alde batetik, mendia mendia da eta ez dago bromarik, hortaz, kontu handiz ibili nora zoazten kontuan hartuz. Lainua sartzen bada hobe azkar ibiltzia, galtzeko edo noraezian ibiltzeko aukera handixa baitao. Bestetik, guk behintzat jende asko aurkitxu genduan beheranzko bidian, eta nahiko erreza da arrastua jarraitzia.


Eskiak jartzen arista amaieran

Elur hautsean behera jaisteko prest!

Esan bezala, jendea ikus daiteke non-nahi
Behera jun hala, Mont Blanc-eko mazizoko glaziar mitikuak igarotzen jun ginan: Geant-ekua, La Valle Blanche, Mer de Glace... eta beste hainbat mendi ezagun eta ikusgarri ikusteko parada izan genduan: Tacul, Droites, Grandes Jorasses, Aiguille Verte, Drus...

Eta hemendik aurrerakua argazkixen bidez ikustia dala onena esango nuke...


Tacul-en hormak atzian

Geant glaziarreko grietak ongi ikus daitezke

Izotz-jausia Valle Blanche-ra bidean


Eguraldia argitzen eta Valle Blanche-ko grieta eta crevasseak ikusgai

Erlantz pozik!

Aiguille Verte eta Druak urrunean

La Valle Blancheko izotz-jausian

Eskegitako izotz-blokeak ikusgai dira non-nahi

Glaziar alpetar baten ezaugarri tipikoa, serac-ak

Erlantz jaitsiera erdialde inguruan...

Glaziologia ikasketak "in situ" adierazten

Izotz urdina, izotzik konpaktuena eta plastikoena, batez ere glaziarren
barnealdean ikus daitekeena


Erlantz geografia ikasketak aplikatzen...

La Mer de Glace Valle Blanche-tik ikusita. Argi ikus daiteke eskuman glaziarraren
alboko morrena (elurrez estalia). Atzean Aiguille Verte, Drus eta Droites


La Valle Blanche-ko izotz-jausia atzean, La Mer de Glace-tik ikusia

Leschaux-eko glaziarra La Mer de Glace-kin batzen den puntuan

Azken Maximo Glaziarreko alboko morrena atzean

Dru txikia Montenvers ingurutik

Dru txikia, granitozko letagin perfektua

Aitor Chamonix-era jaisteko pistan behera

Montenverseko trenaren bidea zeharkatzen nola-hala

Hiruok jaitsieraren ostean

Chamonixetik paseatzen...

Chamonixeko argazki tipikoa nola ez!

2010/02/06

Azterketak amaitxu eta mendira!

Azken hilabetia gogorra izan da. Gabonak pasa ostian, azterketetan barnerauta egon naiz hiru aste luze. Bueno neri behintzat luziak ein jataz, baina seguraski aste guztixak denbora-tarte berdinekuak izango dia.

Azterketak urtarrilak 19xan hasi eta otsailak 2xan amaitxu ditxut, eta denbora bitxarte hortan sotuan sartuta egon naiz ikasten edo behintzat, ahalegintzen.

Asteartian ba, behin azterketia amaitxu nabala, Elgoibarrera itzuli eta maletia itxen jarri nintzan. Ez zauan denboria galtzeko momenturik. Arratsaldeko 5etarako, lehengusua eta ni, furgonetan ginan Piriniuetara bidian. Azterketak amaitzen ditxuzunian edozein plan itxen dozu, gaixki edo ondo eindako azterketa luziak ahizteko.

Piriniuetan bilatzen det nik lasaitxasuna eta nere burua erabat deskonek
tatzeko denbora eta paisaia. Ez dia Alpiak baina Elgoibartik 3 ordutan iritsi gaitxezkeenez, eskertzen da holako mendikate handi eta zabal bat onduan aukitzia. Gainera, garai hauetan, elurrez jantzitxa ikus daitxezke bertako mendixak eta horrek adrenalina eta emoziuak gehitzeko balixo dau.

Eguraldixa lagun izan genduan egunian mendira atera ginan, eskixak jantzitxa zazkagula nola ez. Bata bestian atzetik, erritmo onian eta beti ere eski-pistetako segurtasun erlatibotik (eskiatzaile eta monitore nazkante askori emango genieke pioletazo bat) atera gabe jun ginan altura irabazten. Elur-jausixen asuntua nahiko potolua zan (4-5 arriskua) eta horrekin jolasian ibiltzia baino hobe da ziurtasunez jokatzia. Berandutxuao enterau ginan bezela, egun bat lehenao mendizale bat hil zan Portalet inguruan elur-jausi batek harrapauta.

Antton zapaldutako pistan gorantz

Inguruko bistak: Argualas-Algas, Garmo Negro, Infiernos...

Hasieran ez geneukan helburu zehatzik eta gora eta gora ein genduan. Halako batian gure mendi kuttuna agertu zan, seguraski guk bakarrik igotzen deguna, eta horregatik, Chogolisa izena jarri genion. Mendi txuria, gailurra domo txuri batean amaitzen baita, eta bertako elurrak zapaldu gabeak baitira. Inguruko mendixak baino beherao gelditzen danez, jendiak ez dau bertara jotzen eta orduan guretzat hobe! Baina gehixao eztet kontauko mendixai buruz, bestela ikus
ten nao juten naizen hurrenguan prozesiua egongo dala.

Tontorreko argazkixa, atzian Balaitous eta Frondiellak

Behin puntan, eta eguraldi paregabia lagun zala, denbora luzia eman genduan tontorrian, bertako ikuspegixa ikusgarrixa baita. Jaitsiera gainera oso politxa da. Hasieran, malda dexentia daka eta disfrutatzeko aukeria ematen dau, elur-hautsa aurkitzia ez dalako oso arrarua. Ez da luzia, baina bueno azterketek sortutako "mono" hori kentzeko balixo dau.

Antton eta ni jaitsierako elurrakin disfrutatzen

Eguraldixa ona zanez, eta mendixa eitxiak emandako emoziuagatik edo, pistetan serie batzuk itxeko ordua etorri zan.

Holaxe ba, egun politxa igaro genduan Piriniuetan eta berriz ere Elgoibarrera itzuli ginan. Oin ordia, hau idazten naon bitxartian, berriz ere juteko gogua etorri jata.