2010/08/07

Pirinioak aintziraz-aintzira

Pirinioak mintzagai direnean, gehienetan mendi altuez eta haran ezagunenetaz hitz egiten dugu, hala nola, Aran bailara, Benasque, Aneto, Perdido...

Nire ustez ordea, mendikate alpino hau, mundu txikitxo bat da mundu handi baten barnean atxiloturik gelditu dena. Hori dela eta, gaurkoan pare bat proposamen luzatuko dizkizuet zuek ere disfrutatu ditzazuen. Proposamen hauek bi ibilaldi ezberdin dira, baina beti ere, Tena bailaran dauden aintzira ezberdinak ezagutzeko gonbitea egiten dizuet.

Ibilalbideen zailtasun-mailari begiratzen badiogu,
errazak direla esango nuke, distantzia ez da oso handia eta bide egokiak dira, mendiko zapatiletan edo trekkineko botekin egiteko modukoak.

Aukeran jartzen dizkizuedan bi ibilaldi hauek jende asko erakartzen dute, hau da, ezagunenak direla esango nuke eta hortaz, ez dago galtzeko arriskurik beti ere bideko mugarri eta seinaleei adi bagabiltza.

Ezaugarri hauek betetzen dituzten ibilaldien barnean aintzira politenak mendi hauen ingurukoak dira: Anayet, Arriel, Brazato,
Infiernos eta Argualas-Garmo Negrokoak.

Nire gaurko proposamenak Arrieleko eta Ordicusoko aintziretara joateko ibilbideenak dira.


Sarrera honekin amaitzeko gauza bat argitu nahi nuke. Nahiago nuke
laku hitza erabiltzea, baina geografikoki desegokia denez, laku batek kilometro bateko luzeera eta 40 metroko sakonera izan behar baititu hala deitzeko, aintzira edo gaztelerako ibon bezala aipatuko ditut. Horrez gain esan, ibilbideetan adierazten dudan ordutegia gutxi gorabeherakoa dela, guztiok ez baitugu erritmo berdina oinetan.



1. ibilbidea: ARRIELEKO AINTZIRAK

Arriel edo Saldiecho mendia Tena bailaran sartzen garen neurrian agertzen da urrutian, piramide perfektu baten isla balitz bezala. 2.822 metroko garaiera duen menditzar honek Pirinioetako aintzirarik ederrenetarikoak ezkutatzen ditu bere inguruan, hauexek dira Arrieleko aintzirak.

Irteera-puntua, Sallent de Gállego herritik gora dagoen La Sarrako urtegiaren atzeko parkinean (1.440m) ezarriko dugu.
Hemendik, Respomuso aterpetxera doan GR-11 bidea hartuko dugu, bidea baino autopista bat ematen duena, jende ugari ibiltzen baita egunean zehar.

Ibilbidearen mapa.
Poliki-poliki garaiera irabazten hasiko gara haranean aurrera egin hala, beti ere Aguas Limpias erreka eskuman daukagularik. Bidean zehar, erreka honek arroila sakonak eratu ditu eta benetan ikusgarria da behera begiratzea.

Neguko arrastoak ikusgai dira oraindik ere. Honako hau elur-jausi batek
eragin zuen eta itxuragatik nahiko handia izan zen.

Bideak malda handitzen duenean adi seinaleei, ez baitugu Respomusorako bidea jarraitu behar. Ezkerretara doan bidea hartu behar dugu 1.740 metro inguruan dagoen bidegurutzean (1h 30'). Hemendik aurrera, bideak gora egiten du altuera erraz irabaziz harri-tarte batean.

Atzera begiratzean mendi asko ikus daitezke: Telera, Foratata, Retona,
Punta Escarra, Collarada, Pala de Ip...

Gora goazen einean, Balaitus mendia harri-tartean ikusten hasten gara.

Azkenengo metroetan bidea haitz-tarte batean sartzen da eta bertatik ikuspegi zoragarria dago Balaitus eta Frondiellak ikusten baitira. Hemendik Arrieleko beheko aintzirara iristen gara (2.180m), non Frondielletako zirkua gainean edukiko dugu (2h 30'- 3h).

Bidea ondo seinalizatua egoteaz gain, paisaia ikusgarria da. Balaitus (3.144m)
ezkerrean, eta Frondiellak (3.059m) eskubian.


Bidean aurrera egin ezkero Arrieleko goi aintzirara iritsiko gara (2.240m), eta bertatik ikus daitezkeen mendiak ikaragarriak dira: Balaitus, Frondiellak, Palas, Arriel...

Palas (2.974m) beti bezain ikusgarri.

Itzulerarako bidea luzatu eta ederragoa egiteko Respomusora abiatuko gara Kontrabandisten bidetik.

Berriz ere beheko aintzirara jaitsi eta ezkerretik gorantz doan bidea hartuko dugu. Bide honek hasieran metro batzuk igotzen baditu ere, gainontzekoa altuera galtzen egingo dugu. Benetan Kanadan gaudela dirudi.

Hasierako igoeraren esfortzuak bere irabazia izango du bidean zehar
ikus daitezkeen paisaiekin.


Kontrabandisten bidearen hasieran garai bateko meatzeen hondarrak
ikus daitezke. Atzean Punta Escarra, Collarada, Pala de Ip...

Bidea oso ondo dago eta ibiltzeko ez du zailtasun handiegirik ematen.

Respomusora hurbildu hala, zirkua zabalduz doa.

Respomusora iristean (2.200m), ura betetzeko iturria dago eta urtegiaren inguruan bazkaltzeko toki ederrak daude
(4h). Inguruan zirku itzela dugu, Balaitus eta Frondiellak ikusteaz gain beste mendi asko ere bertan dauzkagu: Cristales, Gran Facha, Llena Cantal, Tebarrai, Forqueta, Musales...

Respomusoko urtegiaren presa ingurutik ikusi daitekeen zirku ikusgarria.

Urtegia nahiko handia da baina buelta ematea oso gomendagarria iruditzen zait, eta ordubete inguruan egin daiteke (5h).

Azkenik jaisteko bidea hartuko dugu La Sarrara bidean. Bide hau igoeran hartu duguna da, baina bidegurutzean utzi duguna Arrieleko aintziretara igotzeko.

Pare bat orduren buruan La Sarrako parkinean gara egunpasa ederra eginda (7h).
Amaitzeko gauzarik onena errekan bainu freskagarri bat hartzea izan daiteke.



2. ibilbidea: ORDICUSOKO AINTZIRAK

Kokapena ikusteko mapa.

Ibilbidea gorriz markatua dago.

Bigarren proposamen honen irteera-puntua Panticosako Bainuetxean (1.636m) ezarriko dugu.
Gaur egungo krisia dela eta bertako eraikuntza-lanak geldituta daude eta itxura negargarria erakusten du, dena lotsagabe batzuen erruz!

Panticosako bainuetxetik ipar-mendebalderantz ikus daitezkeen mendiak.
Gorriz Ordicusoko aintziretara joateko ibilbidea markatu da.

Igoerari ekiteko, urtegia alde batetik bestera igaro behar dugu iparralde norabidean dagoen basora bidean. Bidea oso ondo dago, seinale eta mugarri askorekin markatuta.
Zig-zag batzuen bitartez altuera azkar irabazten da pinu gorri (Pinus sylvestris) eta pinu beltzez (Pinus uncinata) osaturiko basoan gora egin hala.

Ibilbidea egoera onean eta oso argia da, inguruko paisaiak zoragarriak.
Poliki-poliki konturatuko gara zuhaitz kontzentrazio eta kopurua jaitsi egin dela eta horrela goi larre batera iritsiko gara, Malleta Baja de las Argualas delakoa (1h). Puntu honetan (1970m) Pondielloseko lepora eta mendi altuetara doan bide zabala utzi behar dugu.

Bidegurutzea dagoen puntua, atzean Xuan eta Batanes mendiak.

Poliki-poliki gorantz atzean mendi ikusgarriak agertzen diren einean.

Mugarri batek adierazten duen bidegurutze batean, ezkerretara dijoan bidexka hartu behar dugu. Bidexka berri honek gora egiten du erreka baten ondotik.

Bideak erreka ondotik jarraitzen du gorantz, haran txiki bat jarraituz.

Siempreviva (Sempervivum montanum) loreak gero eta gehiago ikusten dira
altueran gora egin hala.

Arnaleseko aintziratik Ordicusokoak ikus daitezke, hortaz, azken zatiko
ibilbidea eta jaitsierarako aukerak adierazita daude.

Igoera lasaia eta polita da, amaiera aldean aldapa zertxobait areagotzen bada ere. Hala, Ordicusoko goiko aintzirara iritsiko gara (2095m) lehenengo eta zertxobait behera egin ostean beheko aintziran aurkituko gara (2h).

Ordicusoko bi aintzirak, atzean Xuan, Batanes, Labaza, Brazato...

Ordicusoko goiko aintzira.

Beheko aintzirara bidean ikus daitekeen ikuspegia.

Iparraldera begiratuz gero ordea, ondorengo hau dugu.

Beheko aintziran, hemen ere, Kanadan bezala.

Bertatik ikuspegi zoragarria dago inguruko mendiengan. Gainean dauzkagu Argualas, Garmo Negro eta Pondiellos tontorrak eta panoramika zabalduz gero agertzen dira Panticosako zirkua osatzen duten gainontzeko guztiak (Xuan, Batanes, Bacias, Brazato...).

Jaitsierarako bide ezberdinak hartu ditzakegu hasierako zatian, hala ere, igoeran igaro dugun goi-larrera eramango gaituzte (2h 45'). Hemendik, hasierako bide zabala hartu eta Panticosako bainuetxera jaitsiko gara (3h 30').

Jaitsierako bide ezberdinak ere markatuak daude, eta ez dago galtzeko
aukera handirik.


2010/04/16

Islandia eta Jökulhaup hondamendiak

Bueno, gaurkuan nere geografia ikasketak praktikan jartziaz gain, oin modan daon gai batekin natorkizue.


Islandia, atlantiar-erdialdeko dortsal ozeanikoaren erdian kokatzen den irla da, eta kokapenak garrantzia handia dauka irlaren jatorrian eta bere garapenean. Dortsal honek, plaka litosferiko Iparamerikarra eta Eurasiarra banatzen ditu, urteko 2 zentimetroko urrunketa ematen delarik. Hau, duela 25 milioi urte hasi zen gertatzen, baina Islandiako materialak berriagoak dira, ez baitituzte 16 milioi urte baino gehiago.

Kokapen geografiko-geologikoa

Historia geologiko labur hau (kontuan eduki gure planeta orain del 4.500 milioi urte sortu zela), betidanik lotua egon da aktibitate bolkanikoarekin eta prozesu glaziarrekin, irlaren ezaugarri klimatiko, geografiko eta ingurumen ezaugarriak direla eta.

Horrela ba, Islandiako historia geologikoa irlak jasandako aldi glaziar eta interglaziarretan dago banatua. Lehenak, aldi glaziarrak, Plio-Pleistozenoan (duela 3,3 - 0,7 milioi urte) Lurreko eremu handiak okupatu eta Londres parera iristeaz gain, Islandia gehiena mantu glaziar batean estali zuen (2 km-ko lodiera eduki zezakeela eman dute aditzera ikerlariek). Garai honetan, sumendien erupzio mordoa eman ziren, eta meseta moduko eraketak sortu ziren dortsalaren gaineko eremuetan.

Sumendien eta glaziar masen kokapena

Gaur egun gertatzen den bezala, aldi interglaziarrean (duela 16-3,3 milioi urte eta 0,7 milioi urtetik hona), irla glaziar metaketa handien azpian zegoenez eta erupzio bolkaniko mordoa eman zirenez eta ari direnez, uholde-glaziarren eraketa eragin zuten (eta azken egun hauetan eratzen ari dira).

2010. urtean 6 masa glaziar handi bereiz daitezke: Vatnajökull (8.300
km2 eta Europako glaziar handiena), Langjökull (953 km2), Hofsjökull (925 km2), Myrdalsjökull (596 km2), Drangajökull (160 km2), Eyjafjallajökull (78 km2) eta beste asko tamaina txikiagokoak. Glaziarrek, irlaren %11 estaltzen dute eta hoietatik %60 aldizka aktibitatea erakusten duten pitzadura bolkanikoen eta termikoki aktiboenak diren zonaldeen gainean aurkitzen dira.

Puntu gorriz dortsalaren jarraipena, eta bertako pluma mantelikoak. Zenbakiekin masa glaziar ezberdinak:
1: Vatnajökull 2: Langjökull 3: Hofsjökull 4: Myrdalsjökull
5:
Drangajökull 6: Eyjafjallajökull


Glaziar hauetako izotzaren eta sumendien arteko elkarrekintza da fenomeno ezberdinen sorreraren erantzulea, eta horien artean garrantzitsuenak Jökulhaup-ak dira. Fenomeno hauek, maiztasun handiarekin gertatzen dira Islandian eta erabat suntsitzaileak dira, galera ekonomiko eta baita gizakienak ere eragiten baitituzte.

Jökulhaup hitza islandieratik dator eta
uholde (haup) glaziarra (jökull) esan nahi du. Hots, Islandiako sumendi gehienak glaziarren azpian daudenez, galdara bolkanikoak eratzen dituzte eta erupzioak izaten dituztenean glaziarreko izotza urtu eta laku subglaziarrak (glaziarraren azpian daudenak) eratzen dituzte. Denbora luzez ematen bada, lakuetako urak inguruko erliebea igaro eta glaziarraren azpitik uholdeak sortzen ditu, azpian dagoen dena (sedimentuak, harrikoxkorrak, hareak...) eramanaz. Behin glaziarraren muturra igarotzean, uholdea zabaldu egiten da kono moduko egiturak eratuz eta aurrean hartzen duen dena hondatuz (etxeak, zubiak, errepideak...).

Fenomeno hauen iragarpena eta prebentzioa ezinbestekoa dela argi dagoen arren, ez da erraza izaten zenbaki eta data konkretuak edukitzea. Munduko glaziar bakoitzak bere dinamika propioa daukanez eta kasu bakoitzean gauzak ezberdinak ikus daitezkeenez, garrantzia handikoa da fenomeno hauek ikertzea.



AZKEN EGUNOTAKO GERTAERAK

Hegaldien alarmak, aireportuen ixteak, jendearen harridura... Horrela dago Europa bai, harrituta.

Azken egun hauetan gertatzen ari dena, orain arte esaten nabilenarekin bat dator. Kasu honetan ordea, sumendiaren erupzioak glaziarreko izotza erabat urtu eta zeruan gora ateratzen dira sumendiko material bolkanikoak altuera handietara iritsiz. Kraterretik ateratzen diren partikula eta material guztiek hodei modukoa sortzen dute zeruan (kolore marroixka duena) eta aire-masen eskuetan gelditzen da. Europara bidean jarri denez, eta horrek izan ditzazkeen arriskuak kontuan hartuz, larrialdi egoera deitu dute herrialde askotako aireportuetan, eta garraio aereoa ia paralizatua gelditu da. Honetaz gain, uholde glaziar ezberdinak eragiten ari da eta irla hegoaldeko zenbait zubi eta errepide suntsitu ditu iada.

Gertaeraren tokia, Islandiako hegoaldeko 6. masa glaziar handienean dagoen sumendian kokatzen da. Eyjafjalla sumendia, izen bereko glaziarrean kokatzen da eta 1.666 metroko garaiera dauka. Ia 200 urteko loaldian egon ostean, bapatean esnatu, eta bere indar guztiarekin barneko magma, estratu eta kea kanporatzen ari da.

Eyjafjalla sumendiaren kokapen geografikoa

Hurrengo link hau atxikitzen dizuet, bertan oso ondo ikus daitekeelako nola eman den hodei bolkanikoaren zabaltzea Europan zehar, eguneko ordu ezberdinetako epeetan. Apirilak 14tik 19ra bitarteko tartea azaltzen da (3 orduro ateratako argazkiekin), non hodeiaren nondik norakoak primeran ikusten diren. Egin klik merezi du eta!

http://www2.dmu.dk/atmosphericenvironment/Vulkansky/dreameu_ani.gif



Badakit askontzako "faena" bat izan dala, baina fenomeno natural baten aurrian zer eginik ez dagoenez, hobe gertatzen ari denarekin disfrutatzea. Argazki hauek, mila hitzek baino hobeto deskribitzen baitute gertatzen ari dena.


2010eko apirilak 14. Ke hodeiak zeruan zehar, sumendiaren erupzioaren kausa.


2010eko apirilak 14. Uholdearen arrastoak mihi glaziarrean.


2010eko apirialk 14. Izotz urtua glaziarreko mihitik itsasoratzen, material eta
sedimentuez blai.



2010eko apirilak 14. Uholde glaziarra errepidetik gertu. Islandiarrek errepideak urtero
berritu behar izaten dituzte honako arrisku zonaldeetan.



2010eko apirilak 14. Uholde glaziarra glaziarretik behera. Kono forma hartzen du
itsasorantz jaitsi hala.



2010eko apirilak 14. Izotz urtuak eta glaziarreko materialek aurretik eramandako
errepide zatiari begira dago argazkiko pertsona.



2010eko apirilak 14. Eyjafjalla sumendiaren kea zeruan gora.


2010eko martxoak 24. Satelite irudia, bertan fisura bateko luma mantelikoaren
agerpena ikus daiteke, laba irtetzen dagoelarik.


2010eko martxoak 27. Laba erupzioak iluntzeko azken orduetan.


2010eko apirilak 14. Turistak laba erupzioak ikusten glaziarrean. Ordu batzuk
beranduago 800 pertsona ebakuatu behar izan ziren inguru hoietatik.



2010eko martxoak 27. Turistak laba isurketa bat ikusten erupzioa gertatutako
zonaldetik hurbil.



2010eko martxoak 28. Laba solidotze prozesuan galdara batean.


2010eko martxoak 21. Laba fisura manteliko batetatik ateratzen eta glaziarrean
zehar zabaltzen.



2010eko martxoak 27. Laba ateratzea eta beronek igorritako kea iluntzean.


2010eko apirilak 15. Sumendiaren kea hodeien gainetik agertzen da, behean
glaziarraren eremu terminalak agertzen dira.



2010eko martxoak 21. Laba isurketak kraterretik at. Ongi bereiz daiteke inguruko
izotz guztia urtua izan dela sumendiaren berotasuna eta isurketengatik.



2010eko apirilak 3. Laba ateratzeak eta grietak Eyjafjalla sumendian. Alboan
glaziarra ikus daiteke, baina sumendiaren berotasunagatik bertako izotz eta
elurrak urtuak izan dira. Eremutik urrundu hala, izotz geruza potoloagoa eta
konpaktoagoa da.



2010eko apirilak 15, osteguna (11:39 GMT). NASAko satelite-irudi honetan, argi
bereiz daiteke errautsez eta material piroklastikoez (sumendietatik ateratakoak)
osatutako hodeia Europara bidean, Ipar Itsasoa zeharkatzen.