Joan den Pilarikako zubirako Morkaiko Mendizale Elkarteak Avilan kokatzen den Gredoseko mendietara irteera zuen antolatuta. 30 pertsonatatik gora zeuden izena emanda baina zubia gerturatzen ari zen einean, eguraldi iragarpenak gero eta argiago aurreikusten zuten zubi guztirako eguraldi benetan txarra zetorrela.
Horrela, aurreko ostegunean izena emanda genuenak bilera bat egin genuen erabaki bat hartzeko. Azken eguraldi iragarpenak ezer onik ez zuten ematen eta 20 bat lagunek baldintza hoietan nahiago zutela ez joatea esan zutenez irteera honetara autobusean joatea baztertu genuen.
12 pertsona geuden joateko prest. Bagenekien erabaki zentzuzkoena ez joatea zela, baina aurten eguraldiarekin ez dugu zorterik izan eta amorrua ematen zigun azken irteera hau bertan behera laga behar izateak.
Zapatu goiza heldu da. Goizeko 9retan gelditu eta 3 kotxeetan Avilarantz habiatu gara. Burgos aldean euria hasi eta aurrerago beldurrezko zaparradak erortzen ari dira. Gredosera heldu baino pare bat ordu aurretik Elola aterpetxetik dei bat. Zer ote?? Ostiral iluntzetik ordurarte euria etengabe ari duela. Aterpetxera heltzeko erreka bat gurutzatu beharra dagoela eta erreka oso handituta datorrela informatu gaituzte. Momentu batzutan erreka gurutzatzea ezinezkoa dela. Holakoak ekiditeko zubi bat jartzeko proiektua badagoela esan digute baina orain zubirik ez dagoela.
Bidean ogitartekoa bazkaltzeko gelditu eta berria gure artean zabaldu ondoren urduritasun apur bat sentitzen dugu. Berriak ez dira onak baina guztiak ados gaude aterpetxera heltzeko saiakera behintzat egin behar dugula.
Avila inguran egualdia ez da horren txarra baina Gredoseko mendikatea lainoz estalita dago eta ibilbidea hasi behar dugun aparkalekuan haizeak eta euriak gogor jotzen dute. Goretex, pontxo, aterkiak hartu eta gora. Berriketa gutxi gure artean, pentsakor goaz.
Hasiera ona ez den arren, 4 egun zoragarri igarotzeko
bidean dira morkaikotarrak.
Ordu erdi gora egin ondoren euria gelditu da eta aterkiak itxi ditugu. Oraindik 2 ordu gelditzen zaizkigu aterpetxera heltzeko eta hau berri ona da. Euria berriro hasten ez bada erreka jeitsi egingo da eta nola-hala pasako gerala uste dugu. Hala ere, oinez goazen bide guztiak erreka bihurtuta daude, ura alde guztietan dago, ur-jauziak non-nahi, errekak topera.
Bata bestearekin berriketan, bidea erraza da eta eguraldiak
hobera egin du.
Aterpetxe ondoan dagoen laku handira heldu gera. Laku baztarretik goaz eta aterpetxea gero eta gertuago ikusten dugu. Aterpetxe ondoko errekari begira goaz baina holako batean goazen bidea laku azpian ixkutatu da. Metro erditik gorako sakonera dago. 20 metro besterik ez dira eta lakuan sartzerik ez badugu nahi ezkerretara dugun pareta bustitik joatea beste aukerarik ez dugu. Paretan soka bat dago oratuta juteko baina 3 metro inguruko alturatik pasa beharra dago eta jausiz gero mina hartu daiteke. Pare batek azkenean arriskurik ez hartu eta txankletak jantzita uretatik joatea erabaki dugu. Ura otza dago, baina oztopoa gainditu dugu eta txankletak kendu gabe bagoaz aterpetxe aurreko errekara.
Aterpetxe ondoan dagoen lakua ederra dela ikus daiteke,
argazkian agertzen direnak zer esanik ez!
Igaro beharreko zatia ekipatua dago, baina banaka igarotzea
da zuhurrena.
Hauek bai ausartak! Hala ere pozik dirudite.
Aterpetxetik 15 metro eskasera, beste erreka bat igaro behar dugu. Segituan konturatu gera fuerte datorrela baina gainditzeko moduan dagoela. Batzuk gorago joan dira pasatzeko leku hobeago baten bila eta besteok bertatik pasa nahi dugu. Txankletak jantzita ditugunak uretatik goaz eta horrela harri gainetatik saltoka doazenei laguntzeko aukera ere badugu. Ez da errexa izan baina azkenean hamabiak aterpetxera heldu gara. Atsaldeko 7 eta erdiak dira eta pozik gaude. Zerbeza bana ozpatzeko eta ordu erdi beranduago afari bero-beroa daukagu zain. Belar orujo txupitoa, berriketa pixkat eta 10:30etan danok lotara.
Aterpetxera igotzea odiseatxoa izan denez, argazki ateratzea
beharrezkoa da.Igande goizean 7 eta erdietan iratzargailuak jo du. Eguraldia begiratzera joan eta euririk ez dago. Lainoak nagusi dira baina ezin dugu aukera galdu, beraz guztiak gora, gosaldu eta 9retan martxan gera. Almanzor mendia lainotuta dago, beraz, 5 lakuetarantz habiatzea erabaki dugu.
Ibilbidea gorabeheratsua da baina malda errexekin. Errekatxo bat ere pasatu dugu eta bakarren batek irrist egin eta hanka belauneraino sartu badu ere, gogotsu goaz aurrera. Azken leporantz goraka goaz eta lainotan sartu gera. Lainoak zirimiria bailitzan buztitzen gaitu baino ateruneak ere ikusten dira. 3 ordutan Portillo del Rey-ra (2.374m) heldu gera. Hemendik behera 5 lakuen bailara ikusten dugu. Ikuspegi polita daukagu goitik. Leku lasai eta berezia dirudi baina arratsalderako eguraldi txarragoa dago emanda eta bertaraino jeistea gehiegi litzateke beraz talde argazkia atera eta aterpetxerantz habiatzea erabaki dugu.
Errekatxo honek zenbait buruhauste edo "bustitze" eragin
dituen arren, jendea ez da kikildu.
Portillo del Rey-n taldeko argazkia ateratzeko inguru-maria
ederra daukagu.
Aterpetxera bueltan, aurrean, XVII. mendean bertan kokatu
ziren glaziarrek birmoldatutako egiturak ikus daitezke: bloke
erratikoak, ildaska glaziarrak...
Aterpetxerako 200 metro falta direla euria gogor hasi da. Azken metroak korrika egin eta aterpean gaude. Apenas busti gara eta gaur ere pozik gaude eguna aprobetxatu dugulako. Eguardiko ordu biak dira eta aterpetxe barruan pikoteo-bazkari bat egin eta hamabiok karta jokoari ekin diogu. Hiltzailearen jokoa serio hartu dugu, bai eta parre asko egin ere. Konturatu orduko afaltzeko ordua da. Astelehenerako eguraldi hobeagoa emanda dago, eta hortaz, gaur ere goiz sartu gara ohean.
Astelehen goizean ere 7 eta erdietan gora. Eguraldia ona da eta Almanzor mendia (2.592m), inguruko altuena, lainorik gabe dago. 9retan habian gara. Hamabiok gogotsu goaz goraka, bidea gero eta tenteagoa den arren. Bide ondoan uda honek urtu ez duen elurra dago oraindik. Lainoak gero eta nabariagoak dira baina oraindik tontor ingurura ez dira hurbildu. Haize hotza dago baina aldapa gora berotuta goaz. Honelako baten, elur maluta gutxi batzuk erortzen hasi dira. Oso gutxi diren arren, atmosfera hotza dagoen seinale garbia da.
Bata bestearen atzetik kontu kontari igoera leunagoa
egiten da. Atzean, Almanzorreko zirkuaren hegala ikus daiteke.
Portilla del Crampon-era (2.405m) heltzeko eskuak ere erabili behar dira, harri batzuk izotzarekin estalita daude eta lepo honetara esku hotzekin heldu gara. Hemen zerbait jan, indarrak berreskuratu eta azken zatiari ekiten diogu. Badakigu zatirik zailena dela eta arriskuak ere baduela.
Kanalean gora, irribarrea galdu gabe jakina.
Eguraldi onarekin eta beroarekin igoera dibertigarri bat litzateke, baina hotza eta haizearekin gauzak beste modu batean ikusten dira. Alkarri lagunduz eta talde moduan jokatuta pauso zailenak ere gainditu ditugu eta hotz eta emozio artean gailurra lortu dugu. Tontorra izoztua dago eta apenas 3-4 pertsonarentzako lekua dago, beraz, banan-banan igo ta jeitsi gera. Oraingo honetan ez dago talde argazkia ateratzeko aukerarik eta gainera guztiok jaitsieran ezarri dugu arreta guztia.
Azkenengo zatian iada, zatirik zailenak direnez arreta handiz
eta lasaitasunez hartu beharrekoak.
Azken blokeetan gora, eskuen laguntza beharrezkoa da.
Talde txikietan argazkiak ateratzen.
Jaitsierarako ere talde bezala lanean, aurrekoak atzekoen zain.
Tontorrean taldeko argazkia ateratzea ezinezkoa zen arren,
beheratxoago aterata ere ezta ezer pasatzen.
Lortu dugu. Zatirik zailena ere jeitsi dugu eta orain bai lasaitasun irriparrak guztion aurpegietan ikus daitezke. Poliki-poliki behera joan hala, gora datozenekin gurutzatu gara. Animoak eman dizkiegu baina tontorrera begiratu eta dagoeneko guztiz lainotu dela konturatu gara. Bai, gaurkoan ere zorte ikaragarria izan dugu. Aterpetxera heldu eta berriro euria. Arratsalde guztia dugu berriro kartetan egiteko.
Elola aterpetxea
Lagunartean kartetan jolastea baino zer hobe?
Asteartea bueltatzeko eguna da. Goizean goizo eguraldia inoiz baino hobea da beraz motxilak hartu eta kotxerutz habiatu gera. Baina eguraldi on hau aprobetxatu beharra dago eta bidetik apur bat urrunduz Morezon mendira (2.365m) igo gara. Pena bat gailurrean laino artean egon garelako baina pixkat jeitsi orduko eguzkiak jo gaitu eta eguzkia lagun kotxeetaraino jeitsi gera kontu kontari.
Eguraldia hobetu dela ikusirik, Morezonerantz bidean.
Morezon mendiaren gailurrean lainoa nagusi
Igotzerakoan ez bezala, jaitsiera alaia dute hauekKotxean gordeta geneuzkan zerbeza prexkoak ezin hobeto sartu dira eta irteera borobil hau ozpatzeko ere balio izan dute.
Morkaiko-kideak beste behin txapeldun!
Hau ere “otro exito de Morkaiko” bezela geldituko da. Hurrena Karakateko igora. Hurrenarte!!
Argazki gehiago link honetan ikusi ditzazkezue:
GREDOS 2010 MORKAIKO
MORKAIKO ME