2010/11/04

Grímsvötn, berriz ere Islandiara begira

Azken egun hauetan Islandiako gobernuak alarma piztu du Europako herrialdeetan. Duela urte erdi izandako gertaerak gogora ekarri dituzte, beste sumendi batek eztanda egingo duelakoan.

Eyjafjallajökull sumendiaren kasuan aurrez ezezaguna zen erabat, izena bera ahozkatzea zaila izateaz gain, mapetan ez genekigulako non kokatu. Gaur egun badirudi Islandiako ikur bihurtu dela.

Hori dela eta, aurrez ideia bat eduki dezazuen kokapen geografiko eta geologikoaren inguruan mintzatuko naiz ondorengo paragrafoetan.



Grímsvötn sumendia, Europako handiena den Vatnajökull glaziarraren izotz-kapelaren azpian kokatzen da. Sumendia Reykjaviketik 220 km-tara dago, Ekialde Ipar-ekialde norabidean. Bertan ematen diren erupzioak nahiko ohikoak dira, eta urte-tarte laburretan errepikatzen dira. Hala ere, egun gutxi irauten dute eta material ateraketen bolumena txikia da.

FIG 1. Grímsvötn sumendiaren kokapen geografikoa.


FIG 2. Vatnajökull glaziar handiaren mendebaldean aurkitzen da, 1.719 metrotako altueran.


Sumendia berez lurrazaleko depresiogune batean kokatzen da, eta kasu hauetan, galdara bolkaniko batetaz mintzo gara. Galdara honetan aktibitate geotermiko handia izaten da, litosfera (lurrazala eta mantuaren goiko aldea) meheagoa baita eta lurrazalera iristen den bero-fluxua ugariagoa da.


FIG 3. Islandiako mapa geologiko sinplifikatua.



Kontuan edukita gainean izotz-kapela handia dagoela, azpiko izotza urtu eta ur-kopurua bertan gelditzen da laku subglaziala (izotzaren azpian dagoena) eratuz. Periodikoki, lakuko urek irtenbide bat aurkitzen dute, bai izotza urtu delako zein urak berak eragindako presioak eraginda, eta uholde glaziarrak edo jökulhaup-ak eratzen dira, metatze-guneak (sandur-ak) materialez ureztatuz.


FIG 4. Islandia hegoaldeko satelite-irudia glaziar-kapela handienak adierazita daudelarik.
Galdara bolkanikoa (gorriz), Skeiðarár glaziarra (urdinez) eta sandur edo metaketa gunea
(naranjaz) ikus daitezke.


FIG 5. Eskala lokalizatuagoan Vatnajökull glaziarraren eremua ikus daiteke. Grímsvötn
sumendiaren lakua eta urek hartzen duten bidea geziekin adierazita dago.



FIG 6. Skeiðarársandur metaketa-guneko satelite-irudia. Kolore marroixka eta beltzak
glaziarreko urtze-urek garraiatutako sedimentuak dira (buztinak eta lohiak nagusiki).



FIG 7. 2004ko erupzioen ostean, honela gelditu zen sandur eremua. Gainera, errepideko
hainbat zubi apurtu ziren uholde glaziarren tamaina eta indarragatik.



Joan zen astean (Urriak 25-31), laku berri bat eratu zen izotzaren urtzearekin eta azken erupzioetan izandako uholde glaziarren tamaina izan dezakeela aurreikusi da. Hori dela eta, 40 kilometroko erradioan bizi den biztanleria alerta egoeran dago.


FIG 8. Galdara gainean dagoen izotz-kapelak izaten duen itxura "normala", aktibitate
geotermikoa baxua denean.



FIG 9. 2004ko aktibitate geotermikoak sortutako lakua eta ondorengo erupzioak zabaldu
zuen errauts ingurua ikus daiteke.



Sumendi hau ordea, Eyjafjallajökull ezagunarekin alderatuz ezberdina da. Erupzioek errauts-kopuru urria erakusten dute eta batez ere magma (mantuko material urtua) ateratzen da. Ikus daitekeen hauts bolkanikoak gehienez Vatnajökull glaziarraren perimetroa estali izan du, eta aire-trafikoan ez du eragin handirik izan. Azkenengo aldiz, 2004. urtean, Islandiako aire-trafikoa zertxobait baldintzatu bazuen ere, aireporturik ez zen itxi.


FIG 10. Satelite-irudi honetan 2004ko erupzioak sortu zuen errauts-hodeia ikus daiteke,
ipar-mendebalderanzko norabidean.



FIG 11. Eskala txikiagotu hala, satelite-irudi honek glaziarrean gelditutako errauts arrastoak
(
ash) erakusten ditu.

FIG 12. Sumendiaren inguruko panorama aktibitate bolkanikoa handia denean: glaziarra
erabat zartatua eta errauts metaketak izotzaren gainean.


Grabaketa historiko eta geologikoei so eginez, azkenengo 8 mendeetan 60-70 erupzio eman dira Grímsvötn-en. Sumendiak aktibitate bolkaniko periodikoa erakusten du, periodo aktibo horiek 100-150 urtez tartekatzen direlarik. Aktibitatearen gorakada periodo berri bat hasi dela ematen du 1983ko erupzioaz geroztik, 1996, 1998 eta 2004. urteetan ere eman baitira.

FIG 13. 2004koaren ostean, noiz izango ote da hurrengoa?


Orain gertatzen ari dena aktibitate horren jarraipena da, jakiteke dagoena ordea, honen garrantzia eta eragingo dituen ondorioak dira.


Hala ere, momentu hauetan begi guztiak (bai islandiarrenak zein mundu guztiko zientzialarienak) Katla sumendiari begira daude, baina hori, hurrengo baterako utziko dugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario